1 PRENTSA OHARRA MIGUEL ROMEA CHICOTEK BILBOKO MUSIKA BANDA ZUZENDUKO LEHEN ALDIZ BIHAR, OSTIRALA, MAIATZAK 23, AREATZAKO KIOSKOAN ESKAINIKO DUEN KONTZERTUAN • Romea, XIX. eta XX. mendeetako errepertoriaz egindako interpretazioengatik maila goreneko erreferentzia bilakatu den Verum Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titularra da • Arratsaldeko 7:30etan eta bere batutapean, Bilboko Udal Bandak José Franco, Sorozabal, José Alberto Pina, Rafael Talens, Josep Suñer, Verdi eta Tchaikovsky konposatzaileen obrak interpretatuko ditu Bilbo, 2014ko maitzaren 22a.- Bilboko Udal Musika Bandak BIHAR, OSTIRALA, HILAK 23, 19:30etan, Areatzako Kioskoan eskainiko duen kontzertuan, etokizun oparo-oparoa izango duen gaur egungo zuzendari bat aurkeztuko du: Miguel Romea Chicote. Lehendabiziko aldiz, zuzendari madrildarrak Banda gidatuko du, taldeak Bilboko Areatzan eskainiko duen udaberriko bigarren kontzertuan. Bere batutapean ostiralean Bilboko Udal Bandak publiko zabalarentzat prestatutako kontzertua interpretatuko du. Programaren barruan, Jose Francoren `Agüero´ eta Rafael Talens-en `Fina Blasco´ pasodobleak, Pablo Sorozabalen `La del manojo de rosas´ zarzuelako eta Giuseppe Verdiren `La forza del destino´ operako pieza lirikoen aukeraketa bat, Jose Alberto Pinaren `Sendes´ eta Josep Suñer-en `Vasa´ doinu ezagunak, eta amaitzeko, Tchaikovskyren `Martxa eslaviarra´ entzuteko aukera izango da. 2010az geroztik, Miguel Romea Chicote Verum Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titularra da. Hauxe da Gaztela-Mantxan sortutako lehenengo orkestra sinfoniko profesionala, denboraldi egonkorra eskaintzen duena. Espainiako musikari- belaunaldi berriko gazte talentudunez osatutako orkestra hau benetako erreferentzia bilakatzen ari da, orkestra handirako XIX. eta XX. mendeetako errepertoriaz egindako interpretazioengatik. Madrilen jaioa, klarinete-irakaslearen goi-titulua eskuratu eta “Karrera Amaierako Ohorezko Saria” irabazi zuen Madrilgo Errege Goi-Kontserbatorioan. Graduondoko ikasketak Rotterdams Conservatorium-en eta Salzburgoko Universität für Musik Mozarteum-en egin zituen. Zuzendari gonbidatu gisa, honako talde hauekin jardun ohi du: Madrilgo Autonomia Erkidegoko Orkestra eta Korua, Kordobako Orkestra, Extremadurako Orkestra, Espainiako Gazte-Orkestra Nazionala edota Orfeoi Donostiarra. Gainera, 2004an sortu zenez geroztik, Extremadurako Gazte-Orkestrako Zuzendari Titularra izan da. Talde honekin, Europa osoko jaialdietan parte hartu izan du. Aurretik, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gazte-Orkestrako Zuzendari Laguntzailea zelarik, Jose Zarateren `Cántico espiritual´ lanaren erabateko estreinaldian parte hartu eta zenbait kontzertu bira eskaini ditu Espainian eta Italian zehar.