EUSKARARI BIDEA, ELKARREKIN / HERRITARRON EKARPENA EUSKARAREN LEGE BERRIARI / U rtetan, euskaldunok pairatu behar izan dugu gure hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, Nafarroan, eta euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan gara, gehiegitan. 2015ean, ordea, egoera aldatu, eta euskararen garapenaren alde dagoen gehiengo politiko bat osatu da Nafarroako Legebiltzarrean. EUSKARAREN LEGE BERRIA EGITEKO AUKERA Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak zehazten du ez dela inor bereziko hizkuntzarengatik. Hizkuntza-eskubideak herritarren oinarrizko eskubideak dira. Aitzitik, Euskararen Legeak oztopoak ezartzen dizkie herritarrei. Eskubideen bermatzaile baino, eskubideen mugatzailea da Legea, herritarrari unean dagoen tokiaren arabera baizik ez baitio aitortzen euskaraz bizitzeko eskubide betea. Iazko urriaren amaieran, aukera-leiho bat zabaldu zen, Parlamentuan onartu baitzen Euskararen Lege berria egiteko ponentzia bat abiatzea. Ondorioz, abaguneak eskaintzen duen AUKERA baliatu nahi du Kontseiluak, aurrera egiteko, gure hizkuntzak dagokion lekua berreskura dezan eta hizkuntza-eskubideak berma daitezen. EUSKARAREN LEGEAREN EDUKIA HERRITARREKIN LANTZEA Kontseiluari funtsezkoa iruditzen zaio konplizitatez eragitea eta babes sozialez janztea erakundeetan hartuko diren erabakiak. Beharrezkoa iruditzen zaigu euskaltzaleok parte hartzea Lege berria egiteko prozesuan, edukizko ekarpenak eginez, alderdi politikoei. Funtsezkoa da herritarrok ahalduntzea, gure eskubideen eta ahalmenaren kontzientzia hartuz eta konplexuak uxatuz, Lege berriak gure behar eta interesei zuzenean erantzun diezaien. Gainera, herritarron inplikazioak zilegitasunaren bermea emango dio Lege berriari. Horretarako, jarduera bat antolatu du Kontseiluak, udaberrirako. 1.LAN-BILERAK HERRIETAN LAN-BILERAK antolatuko ditu Kontseiluak, gutxienez eskualdekatze linguistikoak ezarritako hiru eremuetako lau herritan, Kontseiluko ordezkariekin batera, herritarrek ekarpenak egiteko Euskararen Lege berriari. • HERRIAK: Elizondo, Lizarra, Barañain eta Tutera. • NOIZ: apirilean eta maiatzean. • Herri horietako kideez gain, eskualdeko herritarrak ere bertaratu ahalko dira bilerara. • Herritarren iradokizunak on-line jasotzeko bidea eskainiko da: eposta, google forms…